XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

3. LITERATURA BERRIA. POESIA BERRIA

Literatura Berriaren ikuspegi orokorra ematean esan dugun bezala, mugimendu eraberritzailearen aurrepausu sendoak 60-70 hamarkadan eman ziren.

Gogora dezagun, baita, loratze honek izan zituela aurreko hamarkadan bere etorrera iragartzen zuten zenbait aurrekari ere.

Baina gure arlora lerratuz, eta sail honetan Aro Berriak emandako fruituak egokiago kokatzearren, gerraostetik bertatik abiatuko gara.

Ordutik Aro Berriko poemagintza erabat finkatu arte, jarraian dituzun unadak bereiz ditzakegu: 1. Gerraostea (1940-50)

Aro hau Gerraurreko Mugimenduaren jarraipen aldakuntzarik gabea dugu.

Orixe, Lauaxeta eta batez ere Lizardi olerkarien zantzoa eta itzala nabariegiak ziren artean eraberritzea gauza zedin.

Hamarkada honetako poesi lanik behinenak Salbatore MitxelenarenArantzazu Euskal poema(1949) eta Orixe-ren Euskaldunak poema (1950) ditugu, azken hau Orixe-k aspaldian bukatua bazuen ere.

2. Gerraosteko tranzisio garaia (1950-60)

Garai honetan dagoeneko bi joera desberdin antzeman daitezke: a) Gerraurrekoen jarratzaileena, olerkari-en bidetik abiatu nahirik, funtsezko aldeketarik ekarri gabe.

b) Berritzaileena: Euskal Poemagintzan ordura arte jorratu ez ziren bideetatik abiatu zirenena, hain zuzen.

Guztien aitzindari Krutwig aipatu beharra dago, honek ekarri bait zituen lehenengo bi elementu aldatzaileak: literatur hizkuntzan, lapurtar preklasikoaren erabilera, maileguetan grekora joz; ideologia aldetik, federik eza, erlijioarekiko haustura eginez.

Mirande dugu bigarren berritzailea, Krutwig-en eragin sakona duelarik.

Arestiren lehen poemak ere agertzen hasten dira, Mirandek bilbotarrarengan izan zuen eragina garbi salatzen dutelarik.

3. Eraberritzearen gauzapena (1960tik aurrera)

Arestiren Harri eta Herri (1964) liburua jarri ohi da poemagintza modernoaren lehen mugarritzat.

Obraren mamiarengatik ezezik aurrekari guztien ondorio bada ere, orduan sortzen ari zen irakurlego berriarengan izan zuen arrakastatik ere badatozkio Harri eta Harri-ri bere balioa eta garrantzia.

Ondoren poeta asko etorriko ziren, Arestik jorratutako bideetatik abiatuko zirenak, joera edo bide-zidor desberdinak hartu arren: Sinbolismoa, Surrealismoa, Poesia espaziala eta Esperimentala, eta abar.